Hezkuntzarako ekipamenduak
Ondorengo ekipamenduen kudeaketaz arduratzen gara:
TOLOSAKO INGURUMEN ZENTROA: ZULOAGA TXIKI
Egonaldiaren aurretik lantzeko lanerako materiala eskaintzen dugu eta baita zentrora etortzen diren ikasleei zuzenduriko biodibertsitatea, ura, energia, elikadura, landa ingurunea edo paisaia bezalako gaien inguruko oinarrizko programak ere. Programa hauek laginketa, tailer, nahiz jokoekin osatzen dira.
Horrez gain, herritarren kontzientziaziorako ekintza eta programa puntualak ere eskaintzen dira.
GARAIO-MENDIXURREKO INGURUMEN ZENTROA
Honako gaiak lantzen dituzten hezkuntza programa ezberdinak diseinatzen ditugu: hegaztiak, biodibertsitatea, hezeguneen kudeaketa eta kontserbazioa, ura baliabide moduan, urtegien aspektu ekologiko, energetiko edo sozialak…
Gure eskolara hurbiltzen diren ikasle nahiz helduek bisita gidatuak egin ahal izango dituzte, urtegia eraiki aurretik Ganboako haranak zuen itxura ikusiko dute eta Mendixurren dauden hegaztiak ezagutu eta ezberdintzen ikasteko aukera izango dute behatokiez baliatuz.
ATARIA: SALBURUKO HEZEGUNEEN INTERPRETAZIO ZENTROA
Ikasleen ikasmaila eta adinera egokituriko 7 unitate didaktiko eskaintzen dira, hauen bitartez, Salburuak urtaro ezberdinetan dituen balore natural eta kulturalak ezagutzen dira jolasen bidez, zuzenean zein ikasgelan behaketa eginez, ibilbideak gauzatuz eta erakusketara bisitak eginez. Oreinak, hezegunearen kudeaketa, biodibertsitatearen kontserbazioa edo uretako landare eta hegaztiak dira ikertu, ezagutu, ulertu eta azken batean Salburuaz gozatzeko lantzen diren alderdi nagusiak.
ARTIKUTZA-NATURA, NATUR ESCOLA
Hiru hezkuntza-programa eskaintzen dira, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoei eta Batxiler zein Formazio Ziklokoei zuzenduta. Basoa gai nagusitzat hartuz, kontserbazioa, ekosistemak eta biodibertsitatea bezalako gaiak lantzen dira. Bisita aurretik ikasgelan lantzeko fitxak eskaintzen dira eta programak ibilbide interpretatzaileen, aktibitate praktikoen, jokoen eta tailerren bidez gauzatzen dira. Horrez gain, barrutiko eremu ezberdinetan zehar ibilbide gidatuak egiteko aukera dago, aberastasun naturala, ondare historikoa eta kulturala ezagutu ahal izateko.
MENDIGORRITXUKO EDUKIONTZIEN SAILKATZE PLANTAKO TAILER-GELA (Vitoria-Gasteiz, Araba)
Sailkatze plantara egiten den bisitan fitxa didaktikoak eta informatikako gelan lantzeko formatu digitaleko materialak erabiltzen dira. Helburua haur eta gazteak hondakin sorrera murrizteko beharraren inguruan eta birziklatzea errazteko hondakinen bereizketaren alde kontzientziatzea da.